Osasuna erregai fosilen mende dago, The Lancet-en Atzerako kontaketa taldearen arabera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia


 

osasuna-erregai-fosilen-mende-dago-emthe-lancetem
The Lancet aldizkariaren Atzerako kontaketa taldearen plataformaren lehen orria. Arg. The Lancet

Klima larrialdia eta osasunari buruzko txosten mardula argitaratu du The Lancet aldizkariak, ikuspegi sistemikoarekin. Krisiei bakarka heltzeak gainerakoak okertzea dakarrela ondorioztatu dute, eta osasuna erdian jarrita denei batera erantzutea proposatu dute.

Nazioarteko eta diziplina askotako adituk osatzen dute The Lancet-en Atzerako kontaketa izeneko taldea eta azken urteotan urtero argitaratu du klima-larrialdia eta osasuna aztertzen dituen txosten bat. Aurtengoa zazpigarrena da, eta, sarreran adierazi duenez, munduak “ladi berean geratzen ari diren shock sistemiko sakonak” bizi dituen garaian argitaratzen da. Besteak beste, COVID-19ak eragindako inpaktu sanitarioa, soziala eta ekonomikoa; Errusiak Ukrainia inbaditu izana; eta erregai fosilekiko gehiegizko mendekotasun iraunkorra aipatzen ditu, eta haien guztien ondorioak, gehitu ez ezik, areagotzen ari direla ohartarazi dute. Horren guztiaren ondorioa, hauxe: “giza osasunaren eta ongizatearen oinarriei eragiten die, eta populazioa zaurgarriagoa egiten du aldi berean gertatzen diren osasun-mehatxuekiko”.

Txostenak xehe aztertzen du klima-larrialdiak osasunarekin duen harremana, eta alderdi hauetan jartzen du arreta berezia: ongizatea, elikadura-segurtasuna, osasun-sistemak, hondamendi meteorologikoak, erregai fosilen kontsumoa eta erregai-gasen igorpena, iturri berriztagarrien hedapena…

Aurrera begira

Etorkizunerako, osasunean oinarritutako erantzuna proposatu dute, hori baita, haien ustez, klima- eta energia-krisiei eta hilkortasunari batera aurre egiteko modurik onena: “Energia garbira trantsizionatzeak eta energia-eraginkortasuna handitzeak klima-aldaketaren eragin katastrofikoenak eragotzi ditzakete, eta, aldi berean, lagugarriak izango dira energia-segurtasunerako eta ekonomia suspertzeko. Horrekin batera, erregai fosilek sortzen dituzten aireko partikulen heriotzak saihestuko lirateke (urtean 1,2 milioi heriotza), eta hiriak berdetzeak ongizatea hobetzea ekarriko luke. Horrek guztiak, era berean, osasun-zerbitzuak gainezka ez egitea ekarriko luke, eta, beraz, zerbitzu hobea eskaitzea.

Alderdi onen artean, azpimarratu dute komunikabideek, zientzia-komunitateak, korporazioek eta herrialdeetako agintariek gero eta konprometituagoak daudela osasunarekin eta klima-larrialdiarekin. Horrez gain, uste dute herrialdeak ahaleginak egiten ari direla energia-mendekotasuna txikitzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko. Hala ere, ohartarazi dute konpromiso hori ekintzetara eraman behar dela, lehenbailehen.

Txostenaren osagarri, datuek eta adierazleak ikusteko eta jarraipena egiteko plataforma interaktibo bat sortu dute, eta denen eskura jarri.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila