Nazioarteko ikertzaileek frogatu dute, COVID-19ak osasun-zerbitzuetan izandako eraginarengatik, populazioaren osasun-zaintzan murrizketak izan direla. Nature medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, zehaztu dutenez, minbizia, tuberkulosia eta GIBa detektatzeko eta diagnostikatzeko probetan izan dira murrizketa handienak (% 26-96).
Ikerketan, diru-sarrera txikiko bi herrialde (Etiopia eta Haiti), ertaineko sei (Ghana, Laosko Herri Errepublika Demokratikoa, Mexiko, Nepal, Hegoafrika eta Thailandia), eta handiko bi (Txile eta Hego Korea) aztertu dituzte, 2019ko urtarriletik 2020ko abendura bitartean. Osasun-zerbitzuak mantentzeko ahaleginak egin arren, herrialde guztietan neurri eta iraupen desberdineko gorabeherak izan dituztela baieztatu dute, eta ez dute eredu garbirik aurkitu herrialdeen diru-sarreren edo pandemiaren intentsitatearen arabera.
Aipatu bezala, minbiziaren diagnostikoan, tuberkulosiaren detekzioan eta GIBarenean izan dira murrizketarik handienak. Ingalaterran, kalkulatu dute bularreko minbiziaren diagnostikoen atzerapenak hilkortasuna % 8-10 areagotzea ekarriko duela, 5 urteko epean. Tuberkulosiaren kasuan, sintomak COVID-19arenarekin nahas daitezke, eta horrek ekarri du, zenbaitetan, gaixoak etxean geratzea, osasun-zerbitzuetara joan gabe. Ez dute argi distantzia sozialak zenbateraino eragin duen tuberkulosiaren eta GIBaren transmisioan. Nolanahi ere, GIBaren antirretrobiralen horniduran ez zen etenik gertatu.
Bisita anbulatorio guztiak % 9-40 artean jaitsi ziren 2020an, hainbat arrazoirengatik: zerbitzuen etetea, kutsatzeko beldurra, mugikortasunean ezarritako mugak… Bestalde, herrialdeen erdietan, amen osasun-zerbitzuetan % 5-33 arteko jaitsierak izan ziren, eta haurren txertaketetan ere etenak izan ziren. Eten horiek epe laburrekoak izan baziren ere, ikertzaileek uste dute ez zirela berreskuratuko aurrez bertan behera utzitako haur guztien txertaketak. Horrez gain, Txilen eta Mexikon jaitsiera handiak izan zituzten antisorgailuetan (% 52 eta % 87, hurrenez hurren).
Osasun mentalaren arretan ere jaitsiera nabarmenak antzeman dituzte Txilen eta Mexikon. Esanguratsua da hiru herrialdek soilik eman dituztela osasun mentalari buruzko datuak: aipatutako biak eta Hego Koreak. Hala ere, herrialde batzuek osasun mentala zaintzeko berariazko programak jarri zituen martxan, adibidez, telefono-zenbaki bereziak, Mexikon eta Hego Afrikan.
2020aren amaieran, herrialdeen erdiek murrizketa handiak zituzten, eta 2021aren hasieran oraindik jarraitzen zuten gorabehera nabarmenak izaten. Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute ezinbestekoa dela osasun-sistemen erresilientzia hobetzeko planak ezartzea, etorkizuneko larrialdietarako prest egon daitezen.
Elhuyarrek garatutako teknologia