Osasun Publikoa gaixorik

Gizarteak XX. mendean emandako aurrerapauso handienetakoa Medikuntzak izandako garapena dugu. Beste arlo askotan bezalaxe, teknologiaren aurrerapen berak uztartu du zientzia honen bilakaera. II. Mundu Gerraren ondoren Medikuntzaren jakinduri ganbara izugarri hazi zaigu; esaterako, mediku espezialista batek bere espezialitatean argitaratzen diren artikuluak irakurtzen egunero zortzi ordu emango balitu eta hori urtebetean egingo balu, espezialitate horretan ganoraz argitaratzen denaren % 20 besterik ez luke irakurri ahal izango.

Baina XX. mendeak, teknologi aurrerapen erraldoiak eskaintzeaz gain, Osasun-arloari beste altxor bat ekarri dio ezbairik gabe, hots, guztion eskura dagoen Osasun Publikoa. Garai bateko osasun-zerbitzu gehienak Elizaren babespeko instituzioak ziren. Eta, noski, Elizak nekez eutsi zekiokeen osasun-zerbitzu teknifikatu berri hauek eragiten zuten gastuari. Beraz, Eliza ospitale eta bestelako osasun-zerbitzuetatik erretiratzen hasi zen heinean, hutsunea gizarte zibilaren, gizarte politikoaren, esku geratu zen. Eta hor hasi zen, nolabait esan, gaur egungo historia.

Mundu guztiko herrialdeetan Osasun Zerbitzu Publikoaren bilakaerak Estatuek izan duten aurrekontu edo dirutzen arabera dantzatu dira. Espainian (eta derrigorrez Hego Euskal Herrian) 50. eta 60.eko hamarkadan, hainbat Osasun Egoitza edo Ospitale handi zabaldu zen. Ekonomiak ere, garai hartan, hazkuntza handia zeukan eta isladaz Gastu Publikoak ere handia izan behar. Hamarkada horietan zabaldutako Ospitaleak, poliki-poliki, eskaintza-eskarien legeari jarraituz ohez bete ziren eta 80.eko hamarkadan oheak, gela eta pasilo edo korridoreak gainezka, non sartu ez zekitela zebiltzan. Gurutzetako Ospitaleak, esaterako, 1.600-1.700 ohe izan zituen 80.eko hamarkadaren hastapenean.

Eta puntu honetan, diru-jarioa ezin lotu zenean eta baliabide publikoak errekatik itsasora, uholdeak eramandako urak bezalaxe, ihesi zihoazenean, norbaitek bere buruari ea Osasun Egitura hori behar-beharrezkoa zen galdetu zion eta ea horrenbesteko diru-galerarik gabeko beste Egiturarik lortzea posible zen. Galderak ez zuen, hala ere, garatzeko lur egokirik aurkitu eta garai hartako aurrekontuak ez ziren hain murritzak izan. Eta 90.eko hamarkadan? Mundu osoko ekonomia krisiak eraginda dagoelako, Zerbitzu Publikoek ere murrizketak izan dituzte eta Osasunean izandako neurriz gaineko hazkuntza baldar eta engainagarri horrek baliabide-miaketa zehatzari eman dio txanda.

Baliabideak razionalizatu nahi honetan jorratu beharreko lau lan, besteak beste, ikusten ditut nik. 1. Lehena, aurrerapen teknologikoen eta terapeutikoen gainean egin beharreko gogoeta; kontuan izan behar baitugu edozein osasun-prestazio irizpiderik gabe, iragazi gabe, izatea ez dela posible. 2. Ospitaleak ohez hustu beharra, batezbesteko egonaldi-iraupena ere murriztuz. Etxe-ospitalizazioko sistemak erabili, gaixoarentzat egokiagoak direlako eta gainera merkeagoak direlako. 3. Osasun Publikoaren barne-gestioko erak aldatu, egitura funtzionaleei indarra emanez. Azkenik, eratzen duguna eratzen dugula, guztiak ardatz baten inguruan dantzatu behar duela esango nuke, hots, gaixoaren inguruan eta zuzentasunaren mesedetan berari begira eratutako informazio-sistemak bultzatu behar ditugula.

Beraz, Osasun Zerbitzu Publikoek irautea nahi badugu, aurreztu ditzagun baliabideak eta izan gaitezen osasun-kontserbatzaile.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila