Oroitzapen txarrak on bihurtzea lortu dute saguetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Oroitzapenak emozio onekin zein txarrekin nola lotzen diren azaldu dute Massachusettseko Teknologia Institutuko neurozientzialariek (MIT). Horrez gain, erakutsi dute oroitzapen jakin batek erlazionatuta duen emozioa alda daitekeela, optogenetikaz baliatuta.
oroitzapen-txarrak-bihurtzea-lortu-dute-saguetan
Irudiaren eskuinaldean, nabarmenduta agertzen dira leku-oroitzapenak gordetzen dituen eremua (hipokanpoa, erdian), eta haiei lotutako emozioak gordetzen dituena (amigdala, behean). Optogenetika erabilita, bien arteko konexioak aldatzea lortu dute. Arg. MIT

Neurozientzialariek azaldu dutenez, oroitzapenak hainbat elementuz osatzen dira; elementu bakoitza garunaren eremu jakin batean gordetzen da, baina elkarren artean konektatuta. Alegia, bizitako esperientzien oroitzapenak neurona-sareetan kodetzen dira. Adibidez, lekuei buruzko informazioa (non) hipokanpoan gordetzen dira, eta haiei lotutako emozioak (nolako) amigdalan, eta bien artean konexioak daude.

Ikertzaileek konexio horietan jarri dute arreta, eta alda ote daitezkeen ikertu dute saguetan. Horretarako, optogenetika erabili dute. Hain zuzen, argiaren bidez neuronen jarduera genetikoa eraldatzea ahalbidetzen du teknika horrek, eta lehen ere erabili izan dute MITen bertan memoriarekin lotutako beste esperimentu batzuetan.

Oraingo esperimentuan, lehen probatutako prozesu batetik abiatu dira. Prozesu horretan, hipokanpoko neuronak markatzen dituzte oroitzapenak sortzen ari diren bitartean, argiarekiko sentibera den proteina bat sorraraziz. Hala, markatutako neuronak argiaren bidez aktibatzen diren bakoitzean, lehengo oroitzapena ekartzen du gogora saguak.

Hori eginda, saguak zeuden lekuarekiko sentitzen zuten emozioa kondizionatu zuten, esperientzia atsegina edo desatsegina biziaraziz. Handik bi egunetara, ordea, egoera aldatu, eta aurrez markatutako neuronak aktibatu zizkieten; aldi berean, iraganean bizitakoaren kontrako esperientzia eman zieten. Adibidez, sagu arrei leku jakin batean beldurra sentiarazi bazieten, gero, sagu eme batekin egoteko aukera eman zieten, neurona horiek berak aktibatzen zizkieten bitartean.

Jarraian, kondizionatu zituzten lekura itzuli zituzten, eta frogatu zuten hasierako emozioa galdu zutela. Adibidez, sagu ar haiek dagoeneko ez zuten beldurrik sentitzen lehen beldurra izaten irakatsi zieten leku hartan. Lekuarekiko emozioa aldatzea lortu zuten, beraz.

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Egileak, oroitzapen traumatikoak dituzten pertsonak tratatzeko ez ezik, buruko beste gaixotasun batzuk ulertzeko baliagarria delakoan daude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila