Ordenagailu optikoak: azkarrago eta merkeago

Etorkizuneko ordenagailuek, elektroien eta kableen ordez, fotoiak eta zuntz optikoa erabiliko dituzte. Hartara, abiadura egungo ordenagailuena baino ehun milioi aldiz handiagoa izango da. Gainera, ordenagailuak txikiagoak, merkeagoak eta fidagarriagoak izango dira. Gaur egungo ordenagailuetan, transmisio-bidea solidoa da; horregatik, transmititzen diren seinaleen abiadura eta kantitatea mugatuta daude eta ordenagailuen osagaiak berotu eta, azkenean, hondatu egiten dira.

Horretaz gain, gero eta osagai txikiagoak erabiltzen direnez, sistemaren fidagarritasunari eragiten dioten seinale-arazoak sortzen dira. Fotoiak, ostera, askoz abiadura handiagoan mugitzen dira eta ez dute isolatzailerik behar. Bestalde, maiztasun desberdinak erabilita, fotoi-seinaleen ehunka talde bidal daitezke aldi berean.

Zenbaiten ametsetako ordenagailu hori, gauzatzen bada, NASAren eta hainbat unibertsitateren elkarlanaren fruitua izango da. Izan ere, erakunde hori 1994. urtetik martxan dagoen ANLO (optika ez-linealerako ituna) izeneko hitzarmena finantzatzen ari da. Hitzarmenean parte hartzen duten erakundeen helburua abiadura handiko ordenagailua ekoiztea da; horretarako, unibertsitate bakoitza jakintza-arlo batean ikertzen ari da, denen artean ahalik eta ordenagailu azkarrena lortzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila