Pittsburgheko Unibertsitateko --Pennsylvania-- ikertzaile-talde batek 10 nanometroko erdieroalea sortu du, germanioa silizioaren gainean txertatuz. Puntu kuantiko izenez ezagutzen diren irla txiki horiek gai dira elektroi soila gordetzeko.
Aurrerakuntza hori urrats bat gehiago da ordenagailu kuantikoak sortzeko bidean. Izan ere, ordenagailu kuantikoek iraultza ekarriko dute, gaur egungo kriptografia-sistema guztiak hankaz gora jarriko dituztelako eta Schrödingerren ekuazioa askatzeko gai izango direlako. Baina, horretarako, beharrezkoa da elektroi bakarrez osatutako bitak eraikitzea, eta hori da, hain zuzen, Pittsburghen egiten ari direna. Elektroia biraka dabil etengabe, bi noranzko posibleetan --erloju-orratzen alde, edo kontra--. Elektroia biraka dabilen noranzko horri spina deritzo. Behin elektroia puntu kuantikoan txertatuta, elektroiaren spinak ordezkatuko du gaur egungo bitaren 0 edo 1 balioa.
Bit kuantikoetan oinarritutako ordenagailuak ikaragarri azkarrak eta eraginkorrak izango dira, mekanika kuantikoaren propietateen arabera, elektroiaren spinak aldi berean bi balio har ditzakeelako, eta, ondorioz, bit kuantikoak aldi berean 0 eta 1 balioak har ditzakeelako.