Ordenadore molekularra, etorkizuneko ordenadorea

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Hewlett Packard enpresako eta Kaliforniako Unibertsitateko ikerlari-talde batek etengailuak bezala funtzionatzeko gai den molekula artifiziala garatu dute, ordenadore guztiendako oinarrizko elementua.

Teknologia berri honek, etorkizun oso hurbilean, gaur egungo siliziozko txipak ordezkatuko ditu, eta ordenadoreak gaur egungoak baino milioika aldiz potenteagoak eta bizkorragoak izango dira. UCLA Unibertsitateko kimika-irakasle den James Heat-ek adierazi duenez, "Txip berriek kalkuluak gaur egungo Pentium-ak baino mila milioi aldiz azkarrago egingo dituzte. Teknologia honekin diseinatutako txip txiki batek gaur egungo 100 prozesadoreren konputazio-ahalmen bera izan dezake".

Lorpena honako honetan oinarritzen da: Rotaxano izeneko molekula bati etengailu-zeregina eragin behar zaio, hau da, 0 eta 1 konfigurazioak hartzeko gai izan dadila, informazioa osatzen duten bit-ek irudikatzen dituzten tentsio-aldaketak sortuz. Rotaxano molekula nanometroa baino txikiagoa da, milimetro baten milioirena. Horregatik, produkzio-kostua gaur egungo txip-ena baino askoz ere txikiagoa izango litzateke. Arazoa honakoa da: oraindik molekula batzuk besteekin lotzeko —zirkuituak osatuz— informazioa elkartruka dezaten behar besteko kable txikirik ez egotea.

Aurkikuntza berri honek eskainiko dituen aukerak pentsaezinak dira. Proiektuaren koordinatzaileetariko baten arabera (Phil Kuekes), Asimov-en Alegiazko bidaia errealitate bihurtu ahal izango litzateke, edozein osasun-arazo detektatzeko gai izango litzatekeen ordenadorea giza gorputzera sartuz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila