Olduvai aldiko teknologia uste baino hedatuago zegoen

Teknologiaren sorrera Paranthropus generoarekin lotuta egon litekeela iradoki dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

olduvai-aldiko-teknologia-uste-baino-hedatuago-zeg
Nyayangan (Kenia) aurkitutako tresna batzuk. Arg. T.W. Plummer, J.S. Oliver eta E. M. Finestone, Homa Peninsula Paleoanthropology Project

Olduvai aldiko teknologia uste baino lehenagokoa zela eta uste baino zabalduago zegoela iradokitzen dute Nyayangan (Kenia) egin dituzten azken aurkikuntzek. Harrizko tresnak elikagaiak prozesatzeko erabili zituztela ikusi dute. Eta Paranthropus generoko homininoen aztarnak ere topatu dituzte, eta iradoki dute, litekeena dela haiek erabili izana tresna horiek. Science aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Paranthropusen bi hagin aurkitu zituzten Nyayangan. Bat, gainazalean, eta, bestea, lurpean, tresnekin batera. Arg. S. E. Bailey, Homa Peninsula Paleoanthropology Project

Orain arte, Olduvai aldiko tresna zaharrenak, duela 2,6 milioi urte ingurukoak, Etiopiako Afar Triangeluan aurkitutakoak ziren. Oso oinarrizkoak dira, baina nahita landutako ertz zorrotzak dituzte. Geografikoki eta denboran hedatuta dauden lehenengo teknologia dira. Eta, askotan Homo generoari esleitu izan zaion arren, egileak beste hominino batzuk izan zitezkeela ere uste dute arkeologoek. Aztarna goiztiar gutxi daudenez, hutsune asko daude teknologia horren agerpenaren, erabileraren eta banaketaren ezagutzan. 

Nyayangan aurkitutako tresnak 3-2,6 milioi urtekoak direla kalkulatu dute. Eta, tresnez gain, tresna horiekin egindako markak dituzten animalia handien hezurrak ere topatu dituzte; hipopotamoenak, esaterako.  Tresnen erabilera-marketatik, berriz, ondorioztatu dute landareetatik eratorritako elikagaiak prozesatzeko ere erabiltzen zituztela. Harrizko tresnak elikagaiak prozesatzeko erabili zituztenaren zantzu horiek Olduvai aldiko beste leku batzuetan ezagutzen direnak baino 600.000 urte lehenagokoak dira.

Bestalde, Homoen arrastorik ez dute aurkitu Nyayangan; bai, ordea, Paranthropusen bi hagin, eta haietako bat tresnekin oso lotuta. Hala, ikertzaileek iradoki dute Olduvai aldiko teknologia uste baino zabalduago zegoela, hainbat elikagai prozesatzeko erabiltzen zela, eta litekeena dela teknologia horren sorrera Paranthropus generoarekin lotuta egotea. Nolanahi ere, aitortzen dute, garai beretsuko beste leku batzuetan Homo generoko arrastoak ere topatu direnez, ezin zaiola teknologia hau genero bakar bati esleitu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila