Etorkizunean ez da Brasilen oihanik izango. Horrela uste dute bederen mendeetan bertan bizi, hazi eta lan egiten duten indiarrek eta horixe salatzera irten dira azken hilabeteotan Brasilgo kaleetara. Gobernuak oihanaren ustiapena esku pribatuetan utzi nahi du eta horren ondorioa meatzaritzak eta nekazaritzak sarbide erraza eta erosoa aurkitu izana da.
Horrek jatorrizko biztanleen, hots, indiarren bizimodua erabat aldaraziko du eta horrekin batera, oihanaren itxura. Dagoeneko jarrera horren ondorio suntsigarriak nozitzen hasiak dira. Basoa gero eta azkarrago ari da soiltzen eta jadanik berreskuratzerik izango ez diren landare- eta animali kopuru handiak galdu direla ohartarazi dute biologoek. Jakina da bestalde, Amazoniako zenbait eskualdetan gertatzen ari diren aldaketa bortitzek eragin zuzena dutela klimaren egituran eta beraz, arazoa indiarrena ezezik guztiona dela azpimarratu dute.
Nolanahi ere, lehen mailako ondorioak indiarrek pairatzen dituzte. Sao Paoloko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, oihaneko biztanleen erdiak elikagai eskasiarekin loturiko osasun-arazoak ditu gaur egun.