Mexikoko Veracruz Estatuan El Pital izeneko lurraldean berebiziko aurkikuntza egin dute. Oihan tropikalean, piramide-formako eta berrogei metro altuko 150 tontor daude eta mende osoa beharko dute hori guztia behar bezala aztertzeko. Aztarnategia Estatu Batuetako eta Mexikoko zientzilari-talde batek egin du, Jeffrey Wilkinson-en gidaritzapean.
Aurkitutako aurriak, oraingo Mexiko hiriburuko Teotihuacan-en garai berekoak dira eta dirudienez haien gizarteak K.o. 300-600 bitartean lortu zuen goi-maila, nahiz eta leku horretan biztanleak 2.500 edo 3.000 urtez bizi izan.
El Pitalgo hiriak hogei bat mila biztanle zituen eta Teotihuacan hiriari lehia egiten zion. Kostaldeko herriekin ezezik, El Pitalgo biztanleak lehorrean barruko hiriekin ere aritzen ziren merkataritzan. Wilkinsonek iradoki duenez, baliteke Iparramerikara artoa El Pitalgo merkatariek sartu izatea, orduan Mississippi ibaiaren deltan zeuden indiarrekin izandako harremanen bidez.
El Pitalgo aztarnategiari esker, azteken eta olmeken sorreraz eta zenbait zibilizazioren suntsiketaz dauden hutsune batzuk argitu egingo direla espero da. Besteak beste maia, olmeka, zapoteka, azteka eta abarren arteko harremanei buruz ere informazio interesgarria lortzea espero da.