Litioaren Triangeluan litioaren meatzaritzako zenbat ur dagoen jakiteko egin izan diren kalkuluak oso goitik zeudela eginda ohartarazi dute UMass Amhersteko ikertzaileek. Hori kontuan hartuta, meatzaritzako aurreikuspenak egokitzea proposatu dute; bestela, kalteak espero zitezkeenak baino askoz ere handiagoak izango dira, bai ingurumenerako, bai hango komunitateentzako.
Litioaren Triangeluak dauka munduan dagoen litioaren erdia baino gehiago. Txile, Argentina eta Boliviako lurralde oso zabal bat hartzen du eremu hark, Andeen azpian, eta litioa hango aintziretan biltzen da, uretan disolbatuta, ur gezaren geruza baten azpian. Kalkuluak egiteko datuak eskuratzea oso zaila da, monitorizazio-estazio gutxi daudelako, eta lurraldearen klimatologia eta hidrologia oso konplexuak direlako. Orain arte, bi eredu global erabili izan dira ur-baliabideak kalkulatzeko, baina, hutsune handiak dituztela ikusita, UMass Amhersteko ikertzaileek beren eredua sortu dute.
Eredua sortzeko, 28 arroa hatu dituzte kontuan, eta ikusi dute emaitzak oso urruti daudela lehengo kalkuluek ematen zituztenetik. Hain zuzen, lehen uste zen Litioaren Triangelura iristen zen ur gezaren emaria urtean 90-230 mm-koa zela, gutxi gorabehera. Ereduak, ordea, urtean 2-33 mm-koa dela erakutsi du. Bestalde, litioa erauzteko prozesua aldatzen ari dira meatzaritza-konpainiak, eta gaur egungo prozesuak antzinakoak baino ur gehiago behar du.
Ikertzaileek baieztatu dute aintzirak ekosistema oso zaurgarriak direla, eta haiek ustiatzeak, ekosistemak ez ezik, inguruko komunitate indigenen osasuna eta bizimodua arriskuan jartzen dutela. Communications Earth and Environment aldizkarian argitaratu dute lana, eta, haren arabera, uste baino askoz ur gutxiago dago eskuragarri. Aurreikusten denez datozen hamarkadetan litio-eskaria 40 aldiz handituko dela, ikertzaileek iradoki dute funtsezkoa dela zientzialariek, tokiko komunitateek, araugileek eta litio-meatzaritzako industriak elkarrekin egitea lana, uraren erabilerak ez dezan muga jasangarria gainditu.
Elhuyarrek garatutako teknologia