Odoleko analisia preeklanpsia-arriskua antzemateko

Preeklanpsia edo toxemia haurdunaldiaren bukaera aldean gerta daitekeen arazo larria da. Sintoma nagusiak arteria-presio altua eta asaldura metaboliko batzuk dira. Plazenta elikagairik gabe gera daitekeenez, umeak jaiotzean behar baino gutxiago pisatzeko arriskua dago, baita garaia baino lehen jaiotzekoa ere. Gainera, garaiz detektatzen ez bada, eta neurriak hartzen ez badira, eklanpsia izan daiteke, eta orduan ondorioak larriagoak dira bai umearentzako bai amarentzako.

Orain arte, haurdunaldian zehar emakumearen odoleko presioa neurtuta jakiten zen preeklanpsia zuen ala ez, baina ez zegoen aurrez diagnostikatzeko modurik. Berriki, AEBetako Massachusetts-eko Ospitale Nagusiko ikertzaileek preeklanpsia izateko arriskua antzemateko modu erraza aurkeztu dute. Haien esanean, preeklanpsia izateko joera duten emakumeek, haurdunaldiaren hasieran, ohi baino SHGB proteina-maila baxuagoa izaten dute odolean. Odoleko analisi arruntaren bidez ikus daitekeenez, neurriak aurrez hartzea askoz errazagoa da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila