Odolak neuronak sortzeko prozesuan eragiten du

odolak-neuronak-sortzeko-prozesuan-eragiten-du
Arg. © KTSDESIGN/123RF

Odolean dauden faktore batzuek neuronen sorkuntza areagotzeko edo moteltzeko gaitasuna dutela frogatu dute. Standford Unibertsitean egin dute ikerketa, saguekin, eta, odolak neurogenesian eragiten duela erakusteaz gain, prozesua moteltzen duen faktore bat ere identifikatu dute.

Ikerketan, sagu gazteak (3 hilabetekoak) eta zaharrak (2 urtekoak) erabili dituzte. Zaharren eta gazteen arteko bikoteak osatu zituzten, eta haien odol-zirkulazioak elkar konektatu zituzten. Gero, garunean aldaketarik izan ote zen begiratu zuten; zehazki, hipokanpoaren zelula-kopuruari erreparatu zioten.

Hala, ikusi zuten sagu zaharretan 400dik 1.000ra hazi zela hipokanpoaren zelula-kopurua; alegia, sagu gazteen odolak sagu zaharren neurogenesia areagotzeko gaitasuna duela frogatu zuten.

Aitzitik, sagu gazteei sagu zaharren odola injektatuta, ohartu ziren neurogenesia moteldu egiten zela haietan. Gainera, adin bereko sagu arruntek baino memoria kaxkarragoa zuten, eta ikasteko zailtasunak zituzten. Odoleko faktoreak isolatuta, ondorio horien eragilea identifikatzea lortu zuten: CCL11 proteina.

Ikertzaileek adierazi dutenez, ikerketak garrantzi handia du, garunean bertan aritu beharrik gabe garunaren zahartze-prozesuan eragitea posible dela iradokitzen baitu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila