Odola azidotzetik babesten du Rhesus proteina batek

Odola azidotzetik babesten du Rhesus proteina batek
2009/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: B. Wetzel; H. Schaefer)

Belgikako Free Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dutenez, Rhesus proteina-familiako proteina batek amoniakoa eramaten du giltzurruneko zeluletatik gernura. Rhcg izena du, eta, horri esker, odolaren pH-a ez da aldatzen.

Odola pixka bat alkalinoa da (pH 7,4). pH-aldaketek, txikiak izanda ere, ondorio oso larriak izan ditzakete. Hortaz, oso garrantzitsua da orekari eusteko sistema bat izatea. Proteinak deuseztatzen direnean, azidoak sortzen dira, eta ikertzaileek lehendik bazekiten giltzurrunen lanaren bidez kanporatzen direla odola azidotzen duten molekulak. Orain, pauso bat gehiago eman dute, eta Rhcg proteina ezinbestekoa dela frogatu dute.

Aurkikuntza garrantzitsua da, giltzurruneko gaitz batzuk sendatzeko bidea eman dezakeelako. Horrez gain, giltzurrunetan ez ezik, frogatu dute testikuluetan ere Rhcg proteinak antzeko lana egiten duela. Hain zuzen, espermatozoideak behar bezala garatzeko ingurune aproposa izan dezaten laguntzen du. Horrenbestez, gizonezkoen antzutasunaren zenbait kasuren atzean proteina hori egon daitekeela uste dute ikertzaileek.

1
249
2009
1
025
Osasuna; Biologia
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila