Odol-zelulek egiten dituzte maskorrak

Ostrek maskorra egiteko behar duten kaltzio karbonatoa ez dute azaleko zeluletatik isurtzen. Aldiz, odoleko zelulek garraiatzen dute minerala maskorra egiten ari den gunera.

Hori baieztatzeko, ebaki bat egin zioten biologoek Crassostrea virginica ostraren maskorrari. Ostrak zauria konpontzeari ekin zion, eta zientzialariek, mikroskopio elektroniko baten bitartez, odol-zelulak identifikatu zituzten prozesu horretan azaleratzen ari zen kaltzio karbonatoari itsatsita.

Emaitza hori garrantzitsua da, batez ere odol-zelula horiek sistema immunologikoan ere hartzen dutelako parte. Horrek esan nahi du molusku horietan maskorra egiteko prozesuak zerikusia izan dezakeela hainbat gaixotasunekiko erresistentzia izatearekin. Gainera, perlaren industriarentzat berri ona da, ostren mineralizazio-ahalmena kontrolatzea ezinbestekoa baita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila