Odol-talde guztiak unibertsal

Odol-talde guztiak unibertsal
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Edozein odol-talde emaile unibertsal bihur daiteke, entzima batzuetan dago gakoa. Entzima horiek A, B eta AB odol-taldeetako globulu gorrietako antigenoak desagerrarazten dituzte, eta, hala, hartzailearen immunitate-sistemak ez dio erasotzen sartu berri dioten odolari, edozein odol-talde duela ere.

Emaile unibertsala O taldea da: ez du ez A eta ez B antigenorik, eta, horren ondorioz, hartzailearen antigorputzek ez diote arrotz irizten. A, B eta AB taldekoek, ordea, A eta B antigenoak dituzte. Horien odola edozein hartzaileri emateko oztopoa antigenoak dira. Bada, antigeno horiek ezabatzeko entzimak aurkitu dituzte. Bi mila eta bostehun bakterio- eta onddo-estrakturekin proba egin eta gero, A eta B antigenoentzat entzima eraginkor bana dute.

Nazioarteko ikerketa bat izan da, eta, azaldu dutenez, seguruenik oso kasu berezietan erabiliko dira entzima horiek: gaixo bati okerreko odol-taldea sartzen diotenetan batez ere, erremedio gisa.

1
232
2007
6
023
Medikuntza; Biokimika; Osasuna
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila