Odol artifiziala, zalantzan

Odol artifiziala, zalantzan
2008/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Odol-emaileak ezinbestekoak dira gaurko medikuntzan, baina aurrerapauso handia izango litzateke emailerik behar ez izatea. Arrazoi asko daude horretarako: batzuetan, emandako odola eskuragarri izateko arazoak daude, odol hori azkar hondatzen da, eta abar. Horregatik ari dira odol artifiziala sortu nahian. Eta sortu izan dute, bat baino gehiago. Kontua da odol horrek benetako odolaren ordezko fidagarria izan behar duela, eta, ikerketa baten arabera, gaur egungo odol artifizialak ez dira guztiz fidagarriak.

Europan eta Estatu Batuetan ez da oraindik onartu odol artifizialik komertzialki erabiltzeko, baina proba kliniko asko ari dira egiten. Talde asko ari dira horretan lanean, eta, horregatik, Marylandeko institutu kliniko batean, Estatu Batuetan, hainbat saio klinikoren emaitzak bildu nahi izan dituzte, azterketa estatistiko bat egiteko. Emaitzak argiak dira: odol artifiziala erabiltzeak bihotzeko eta heriotza-kasu gehiegi ekartzen du; benetako odola erabilita baino % 15 kasu gehiago, hain zuzen.

Azterketa estatistikoa da, besterik ez, eta kontrako iritzi batzuk entzun dira. Baina, ikertzaileen arabera, merezi du estatistika horren arrazoiak bilatzea. Bat izan daiteke odol artifizialaren hemoglobinak oxido nitrikoa harrapatzen duela oxigenoa harrapatu ordez. Substantzia horrek odol-hodien dilatazioa eragiten du. Hala ere, azalpen hori ere hipotesi bat besterik ez da; adituek ez dakite benetan zer ari den gertatzen.

1
243
2008
6
003
Medikuntza
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila