Zer gertatu zen joan den abuztuan Kamerun-eko Nyos lakuan? Erabateko erantzunik oraindik ez badago ere, puntu asko argitu da jadanik.
Hala ere itzul gaitezen tragedia gertatu zeneko egunera. 1986.eko abuztuaren 21ean Nyos-eko Iwi laku-kraterea gas hilgarri baten fabrika bilakatu zen. 1800 lagunetik gora, azienda asko eta makina bat animalia basati, gasak hil zituen. Hiru ordutan zehar, gas-hodeiak 14 km-ko erradioa zuen zona bat estali zuen.
Nola gertatu zen katastrofe hura? Hiru aditu frantsesek erantzuna eman dute. Katastrofearen jatorria, karbono (IV) oxidozko leherketa freatiko baten ondorio izan da. Honek lakua zeharkatu zuen eta airea baino astunago denez, maldan behera joan zen 50-70 km orduko abiaduraz.
Adituen arabera, honelako katastrofeak ezin dira aurresan. Zergatik? Gasa ateratzen den momentuan populazioari abisua emateko segundo gutxi batzuk besterik ez daudelako. Honelako fenomenoekiko sentikor izan daitezkeen zonak markatzea ordea, posible da.