Prentsako notiziak biltzen dituen lehen CD-ROMa aurkeztu da orain dela gutxi Madrilen. Proiektua 1988.eko bukaeran hasi zen eta “Documentación de Medios” eta “Micronet” etxeen elkarlanari esker garatu ahal izan da. Lehen CD-ROM honek 60.000 erregistro ditu eta 1988.eko bukaeratik aurtengo martxorarte atzerriko nahiz estatuko prentsa idatzian agertu diren notiziak biltzen ditu.
CD-ROMa hiruhilabetetik behin berrituko da datu-basea eguneratuz. Urtean 60.000 erregistro berri sartuko direla aurrikusten da. Gaiari dagokionez CD-ROMaren informazioaren % 60 Ekonomi eta Finantz arlokoa da; gainerako artikuluak Politika, Gizarte eta Kultura, eta Zientzia eta Teknologiari buruzkoak direlarik.
Disko optikoan grabatu den informazioa 141 iturri espainoletatik eta atzerriko beste 70etik hartu da; hauetatik 100 informazio orokorreko egunkariak dira eta 60 informazio ekonomikoa eta finantzarioa argitaratzen dutenak.
Datuak berreskuratzeko Micronet-en CD-Knosys programa erabili da. Software honek kontsulta-maila desberdinak aurrikusten ditu, erabiltzaileak datu-base dokumentalen galdeketa-sisteman duen esperientziaren arabera. Kontsultetan eragile logikoak, parentesiak, deskriptoreak, etab. erabil daitezke. Bestalde, kontsulta modu askotara egin daiteke: kronologikoki, argitaratu duen medioaren arabera, gaika, notiziaren protagonistaren arabera etab.