Nitrogeno gehien Pazifikoan finkatzen da

Nitrogeno gehien Pazifikoan finkatzen da
2007/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Washington Unibertsitateko ikerketa batek dio ozeanoetako nitrogeno-finkapen handiena ozeano Pazifikoan gertatzen dela, eta ez ozeano Atlantikoan. Hainbat urtetako suposizioa bertan behera utzi du berri horrek.

Azkeneko hamarkadan, onartua zuten ozeano Atlantikoan finkatzen zela nitrogeno gehiena, ozeano horrek jasotzen duelako burdina gehiena lehorretik. Burdina nitrogenasaren osagaietako bat da, bizidunak nitrogenoa finkatzeko gai egiten dituen entzimarena, alegia. Horretan oinarrituta, uste zuten ozeanoetako burdina zela nitrogenoa finkatzea mugatzen zuen faktore nagusia.

Nitrogenoa finkatuz, horretarako gai diren mikroorganismoek nitrogenoa bizidunentzako erabilgarri bihurtzen dute, nitrogeno gehiena bizidunek ezin erabili duten forman baitago. Finkapenaren aurkako prozesua egiten duten bizidunak ere badaude, hau da, finkatutako nitrogenoa erabilgaitz bihurtzen dutenak, desnitrifikazioa deritzon prozesuan.

Ozeano Pazifikoan desnitrifikazioa oso altua da, eta lehorretik oso burdina gutxi jasotzen da. Ikusita ozeano Pazifikoan finkatzen dela nitrogeno gehiena, atera duten ondorioa da desnitrifikazioak eragiten duela mikroorganismo nitrogeno-finkatzaileak haztea, eta ez uretako burdinak. Izan ere, desnitrifikazioak nitrogeno-eskasia eragiten du, eta kondizio horietan, nitrogeno-finkatzaileek lehiakortasun handiagoa dute nitrogenoa finkatzeko gai ez diren mikroorganismoek baino.

1
230
2007
4
012
Ozeanografia; Zoologia
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila