Izarra benetan neutroiz osatuta dagoela ikusi dute, eta ez partikula exotikoz, zenbait teoriak proposatzen zuten bezala.
Nazioarteko astronomo-talde batek orain arte ezagutzen den neutroi-izarrik masiboena aurkitu duela iragarri dute Nature aldizkarian, eta neutroiz osatuta dagoela zehaztu dute. Pulsar bat da, Lurretik 3.000 argi-urtera dago, eta haren masa Eguzkiarena halako bi da.
Aurkikuntza Green Bank-eko (AEB) teleskopioari esker egin dute, eta izarrari J1614-2230 izena eman diote. Pulsarrak igorritako irrati-uhinak neurtuz lortutako datuek iradoki dute, hain zuzen, izarra benetan neutroiz osatuta dagoela, eta ez partikula exotikoz, zenbait teoriak proposatzen zuten bezala.
Supernoba gisa eztanda egindako izarren hilotzak dira neutroi-izarrak. Eztandaren ondoren, jatorrizko izarraren masa guztia konprimituta gelditzen da kilometro gutxi batzuk baino ez dituen esfera batean. Eredu astronomiko estandarren arabera, nukleo horiek neutroiz osatuak daude. Baina beste teoria batzuek iradokitzen zuten, adibidez, izar horiek neutroiz osatuta egon ordez quark askez edo bestelako materia exotiko batzuez osatuta egon litezkeela.
Teoria egokiena zein den argitzeko modu bat izarren masa kalkulatzea da, eredu bakoitzak masa-kantitate ezberdinak aurreikusten baititu. Eta hori egin ostean ondorioztatu dute, hain juxtu, neutroiz osatuta dagoela.