Neutrino nekaezinak

Izarretako barne-erreakzioak ezagutzeko metodo berri bat proposatu du astrofisikari estatubatuar batek. Eguzkitik datozen neutrinoen energia zehaztasun handiz neurtzean datza prozedura berria.

John Bahcall-ek proposatu zuen lehen aldiz, duela 30 urte, eguzkitiko neutrino-fluxua neurtzea. Zientzilariak, neurketa horietan lortutako emaitza bitxi eta harrigarriak azaltzeko bideak bilatzen ari dira oraindik. Anartean, Bahcallek eguzki-neutrinoekin egin beharreko esperimentu berriak prestatzen ari da.

Bahcallen azken ideia eguzkiaren gunean gertatzen den erreakzio nuklear espezifiko batekin erlazionatuta dago; berilio-7 nukleoak elektroi bat harrapatu eta litio-7 bihurtzen denekoarekin. Erreakzio horrek neutrino bat igortzen du. Laborategi-baldintzetan eginiko erreakzioetan neutrinoaren energia 861,94 kiloelektrovoltekoa da (keV). Alabaina, egungo teoria astrofisikoak oinarritzat hartuta, Bahcallek prozesu horren arabera eguzkian sortutako neurtrinoek energia handixeagoa izango lukete: 862,27 keV hain justu.

Aipatu erreakzio hori eguzkiaren zentrutik gertu baino ez da gertatzen; eguzki-masaren % 4 biltzen duen tokian, alegia. Beraz, Bahcallek aurrikusitako neutrinoa aurkituko balitz, egungo teoria astrofisiko estandarrak eguzkiaren barne-egituraz zuzen daudela aditzera emango luke.

Hainbat bide proposatu dira neutrino hori neurtzeko eta lehen saioak hamarkada honen bukaeran egin daitezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila