Prioiaren aldaera arruntak garunean izan dezakeen funtzioari buruzko argibideak eman dituzte Triesteko Ikerketa Aurreratuen Nazioarteko Eskolako ikertzaileek Journal of Neuroscience aldizkarian. Proteina ugaria da neuronetan, eta, mintzari lotuta dagoenez, ikertzaileek susmatzen zuten neuronen arteko seinaleetan parte-hartzen duela, baina ez zuten horren froga handirik. Orain, Italiako ikertzaileek ikusi dute neuronen arteko konexioak indartzen dituen prozesua kontrolatzen duela.
Egun gutxiko saguen garun-laginak —hipokanpokoak— elektrikoki kitzikatzea izan da esperimentuaren muina; sagu osasuntsuen laginak alde batetik, eta prioirik ez zuten genetikoki eraldatutako saguen laginak bestetik. Emaitzek erakutsi dute sagu osasuntsuen neuronetan epe luzeko indartzea gertatzen dela; hau da, batera kitzikatutako bi neuronen arteko konexioa, seinalearen transmisioa, indartu egiten dela. Aldiz, justu kontrako fenomenoa behatu zuten prioirik ez zuten saguen neuronetan. Ikertzaileek azaldu dutenez, lehenengoetan A proteina kinasa entzima aktibatzen da, eta, bigarrengoetan, berriz, C proteina lipasa.
Hipokanpoaren epe luzeko indartzea funtsezkotzat hartzen da ikasteko eta memoria garatzeko, eta, ikerketa honek agerian utzi du prioiek zeresana dutela prozesu horretan.