Neuronek energia asko kontsumitzen dutela? Inondik inora ere ez

Neuronek energia asko kontsumitzen dutela? Inondik inora ere ez
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Michael A. Colicos, UCSD)

Garunak gorputzaren pisuaren % 2 baino ez duen arren, gorputz osoak gastatzen duen energiaren % 20 kontsumitzen du. Hala ere, neuronek, seinale elektrikoa transmititzeko, ez dute uste zuten bezainbeste energia behar.

Izan ere, urte askoan ikertzaileek ontzat eman dute Hodgkin eta Huxleyren eredua (hain zuzen, bi fisiologo horiek Nobel saria jaso zuten 1963an, neuronen elektrizitate-transmisioari buruz egin zuten lanagatik). Lan haren arabera, neuronen barruan transmisioaren eraginkortasuna % 25-30ekoa zen.

Alabaina, zientzialari batzuek susmoa zuten eraginkortasunak handiagoa izan behar zuela. Horien artean daude Garuna Ikertzeko Max Planck Institutuko Henrik Alle eta haren lankideak. Hala, memoriarekin eta ikasketarekin lotutako zentroen neuronen barruko elektrizitate-transmisioaren eraginkortasuna aztertu dute, eta frogatu dute ereduak emandakoa baino 2-3 aldiz handiagoa dela. Alegia, prozesuaren eraginkortasuna % 70-80koa da.

Horrez gain, aldea zergatik den hain handia ere azaldu dute. Eredua egitean, uste zuten ioi negatiboek eta positiboek elkarren aurka egiten zutela neuronetan. Orain, ordea, ikusi dute potasio-ioia ez dela sartzen hasten sodio-ioia ateratzen den arte. Horrela, askoz eraginkorragoa da transmisioa.

Eta zertan gastatzen du garunak gainerako energia? Allenen esanean, erdia neuronei bizirik iraunarazten, eta beste guztia operazioak egiten. Gainera, uste du gehiago gastatzen duela neuronen arteko transmisioan neuronen barruan baino.

1
259
2009
12
017
Biokimika; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila