Neurona berriak ahanzturaren eragile

neurona-berriak-ahanzturaren-eragile
Arg. Jason Snyder

Sagu, akuri eta bestelako karraskari batzuekin egindako ikerketa batek ondorioztatu du garunean neurona berriak sortzen direnean ahazte-prozesu bat ere abiarazten dela. “Uste dugu neurogenesiak oroimenean eragin bikoitza duela: hipokanpoan neurona berriak agertzean oroitzapen berriak gordetzen laguntzen dute, baina baita zaharragoak ahanztea eragin ere”. Paul Frankland zientzialari kanadarraren hitzak dira. Bera, Science aldizkarian artikulua argitaratu duen Torontoko Haur Gaixoen Ospitaleko ikerketa-talde bateko partaidea da. Eta, ikerketan zein artikuluan, Japoniako Toyoakeko Medikuntza Zientzien Institutuko talde batek ere hartu du parte. Beraz, elkarlanean egindako ikerketa izan da.

Ikerketan egindako esperimentuetako batean, zientzialariek, ingurune jakin batean, deskarga elektriko txikiak eman zizkieten saguei, beldurra eragiteko. Ondoren saguetako batzuk gurpilean jarri zituzten, biraka. Izan ere, frogatua dago ariketa fisikoa egitea ona dela neurona berriak sortzeko. Ikertzaileek ikusi zuten ariketa egindako saguek inguru jakin horrekiko zuten beldurra galtzen zutela; gurpilean biraka ibili ez ziren saguek, berriz, ez.

Bestalde, sagu jaioberri talde bati, neurona berriak sortzeko gaitasuna murrizten duen droga bat eman zitzaion. Drogarik jaso ez zuen taldeak baino oroimen hobea erakutsi zuten.

Azkenik, lana biribiltzeko, neurona helduekin jaiotzen diren bestelako karraskari batzuekin egin zituzten esperimentuak, akuriekin, adibidez. Eta egiaztatu zuten oroimen handia dutela, baina neuronak sortzea eragiten duen botika bat emanda, oroimen-arazoak izaten hasi zirela.

Artikuluan esaten denez, neurona berriak sortzean oroitzapenak galtzea guztiz beharrezkoa da, oroimenari modu eraginkorragoan lan egiteko aukera ematen diolako.

XX. mendeko bigarren erdira arte, jaio eta gero neuronarik ez zela sortzen uste zen, baina zelula amen bereiztea dela eta, gaur egun jakina da neuronak bizitza osoan zehar sortzen direla. Neurona berri horiek lehendik zeuden neurona-sareetan integratzen dira, eta informazioaren prozesamenduan hartzen dute parte. Hortaz, neuronak sortzea, ikasteko eta oroimen ona izateko behar beharrezkoa dela pentsatu izan da orain arte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila