Neke kronikoaren sindromea duten pazienteak ebaluatzeko protokolo zehatz bat sortu dute. Izan ere, askotariko sintomak izaten dituzte pazienteek; azterketan, beraz, sintomak klinikoki karakterizatzea eta azpitaldeak sortzea lortu dute. Iñigo Murga Gandasegi EHUko ikertzaileak gidatu du lana, eta Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu du. Lanak Aparteko Doktoretza Saria (2023/2024) jaso du Neurozientzietako doktoretza-programaren esparruan.
Neke kronikoaren sindromea zenbait sistema organikotan eragiten duen sindrome neurologiko bat da, eta neke iraunkorra eta azaldu ezinekoa sortzen du, edozein ahalegin fisiko zein mental txikiekin. Jatorri ezezaguneko patologia konplexua da, eta desgaitasuna eta ongizatearen galera eragiten du. Emakumeei gizonei baino gehiago eragiten die, bereziki, ugaltzeko adinean daudenei; baina haurtzaroan ere ager daiteke.
Gaixotasun arraro edo maiztasun gutxikotzat hartzen da, eta, diagnostikatzerako, bost urte behar izaten dira batez beste. Gainera, euskal osasun publikoak ez du unitate espezializaturik, eta pazienteek Kataluniara jo behar izaten dute.
Ikerketa horretan, besteak beste, nerbio-sistema autonomoaren funtzioak ebaluatu dituzte, eta odoleko autoantigorputzen balioak zehaztu dituzte, gaixotasunaren konpromiso neurologikoa eta immunea ezagutzeko. Sortu duten protokoloa, lagungarria izango da pazienteak lehenago eta hobeto diagnostikatzeko, eta beste kondizio batzuetatik bereizteko. Adibidez, antz handia du COVID-19aren osteko sindromearekin; hala, ohartarazi dute gehiago ikertu behar dela jakiteko sindrome bera den edo bi diren.
Elhuyarrek garatutako teknologia