Emakume europarren erdiei berandu diagnostikatzen zaie GIBa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

emakume-europarren-erdiei-berandu-diagnostikatzen-
Arg. Mircea Iancu

Europako emakume askori berandu diagnostikatzen zaie GIBa, hau da, dagoeneko immunitate-sistema kale egiten hasten denean. Hori nabarmendu du Gaitzen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC), 2018ko datuetan oinarrituta.  Gainera, diagnostiko berantiarra jasotzeko arriskua hiruzpalau aldiz handiagoa da 40 urte inguruko emakumeen artean, gazteagoen artean baino.

ECDCren arabera, emakumeak infektatu berrien herena dira; horrenbestez, arreta handiagoa jarri behar zaiela adierazi du. Ia guztiak sexu-harreman heterosexualen bidez kutsatu dira (€ 92), eta kasuen % 54an diagnostiko berantiarra jaso dute. Diagnostiko berantiarren ehunekoa are handiagoa da 30-49 urte bitartekoetan: %60; ECDCren esanean, horrek erakusten du helduak ez direla behar adina jabetzen GIBaren eta sexu bidezko gaitzen arriskuez.

Gizonetan, diagnostikoa ez da hain berantiarra izaten. Horregatik, auzia genero-ikuspegitik landu behar dela ohartarazi dute ECDCko ordezkariek, eta gogorarazi dute, diagnostikoa zenbat eta goiztiarragoa izan, orduan eta aukera handiagoa duela infektatutako pertsonak tratamendua jasotzen hasteko, transmisioa mozteko eta osasun ona izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila