Neandertalen gorotz fosildua aztertuta, frogatu dute El Salt (Alacant) aztarnategiko neandertalek, haragiaz gain, landareak ere jaten zituztela. PLOS One aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, bide batez, ikertzaileek erakutsi dute erabilitako metodologia aproposa dela garai hartako gizakien dieta ezagutzeko.
Hain zuzen, ikertzaileek azaldu dutenez, neandertalen dietari buruzko orain arteko ezagutza zeharkako ebidentzietan oinarritzen zen. Hala, haien bizilekuetan azaltzen diren hezurren fosilek eta arrastoek erakusten dute animalia belarjale handiak ehizatzen zituztela, bereziki espezie jakin batzuetakoak. Are gehiago: dieta hain espezializatua izatea desagertu izanaren arrazoietako bat izango litzateke, batzuen ustez.
Berriki, ordea, hortzetan topatutako arrastoek ikuspegi hori aldarazi dute, ikusi baitute landare-espezie asko kozinatzen eta jaten dituztela. Hala ere, datu horiek ere ez ziren nahikoak dietaren osaera ezagutzeko. Orain, La Lagunako Unibertsitateko eta MITeko ikertzaileek neandertalen gorotzean biomarkatzaile batzuk aztertu dituzte, eta, horren bidez, ikusi dute orojaleak zirela. Gainera, haien hesteetan bizi ziren bakterioei (mikrobioma) eta digestio-aparatuari buruzko informazioa ere jaso dute.
Ainara Sistiaga ikerketa-buruaren esanean, “lehen aldia da gorotzetako biomarkatzaileak erabili direla, neandertalen dieta ikertzeko”. Gorotz horiek duela 50.000 urtekoak dira, gutxi gorabehera, eta inoiz topatutako gorotz zaharrenak direlakoan daude.
Analisian, 10 gramo hondakin erabili dituzte. Haietan, dietarekin eta elikagaien metabolismoarekin lotutako hainbat konposatu aurkitu dituzte, hala nola koprostanola eta fitoesterolak. Lehena hesteetako bakterioen eraginez sortzen da, kolesteroletik abiatuta, eta haragia jaten zutela adierazten du; 5-beta-estigmastanolak eta beste fitoesterol batzuek, berriz, landareak ere jaten zituztela.
Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute El Salteko neandertalak orojaleak zirela. Horrez gain, kolesterola koprostanol bilakatzen zutela ikusita, haien hesteetako mikrobioma gurearen antzekoa zela ere jakinarazi dute.