Joan den udazkenean Mars Climat Orbiter eta Mars Polar Lander zundek izandako porrotak oihartzun handia izan du eta NASAk Marterako prestaturik zituen hainbat bidaia bertan behera uztea erabaki zuela uste zen. Baina dirudienez, hurrengo urteetan bi proiektu gutxienez gauzatuko dira.
Lehena, oraindik ezezaguna dena, 2003an izango da eta bigarrena 2007an. Azken hori Frantziako Espazio Agentziarekin batera egingo da eta helburua Marteko lurzoruko 500 g-ko lagina jasotzea da. Mars Sample Return izena duen misioko partaideak robot bat, zunda orbital bat eta kohete bat izango dira. Zundak Marteko orbitaraino kohetea eta robota eramango ditu; halaber, koheteak robota eramango du planetako azaleraino eta robotak laginak jasoko ditu.
Bukatutakoan, hirurak batera itzuliko dira Lurrera. 2003rako prestatzen ari diren proiektua Mars Climate Orbiter edo Pathfinder-en antzekoa izan daiteke. Lehenak Marteko atmosferako ur-arrastoak aztertuko lituzke eta bigarrenak, berriz, azaleko arrokak. Hala ere, azkeneko hilabeteetan NASAn izan diren gorabeherak ikusita, ez dago ezer baieztatzerik.