Nanomotorren iraultza. Oraingoan bai?

Odol-hodian barrena molekula inbaditzaileak suntsituz aurrera egiten duten nanorrobotak zientzia-fikziokoak dira oraindik. Aldiz, badirudi gero eta gutxiago gelditzen dela nanomotorrez mugitutako gailuak izateko. Aurrerapausoa kimikaren bidetik dator.

Orain arte, nanoteknologian lanean ari diren talde gehienek ATP-sintasaren moduko proteinak erabili dituzte gailuak mugiarazteko behar duten energia lortzeko. Alabaina, proteinak erraz hondatzen dira; beraz, bide horretatik ez dira oso urruti iritsi.

Zyvex

Orain, AEBetako Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileek beste aukera bat probatu dute. Platinoaren jarduera katalitikoa erabili dute urrezko ardatz ñimiñoak mugiarazteko. Ardatzaren mutur bat platinoz estalita, ur-disoluzio batean, hidrogeno peroxidoa oxigeno eta ur bihurtzen du platinoak. Orduan, oxigenoan aberatsa den eremu bat sortzen da, eta horrek ardatzaren muturraren eta uraren arteko gainazal-tentsioa gutxitzen du.

Ondorioz, ardatza norabide horretan mugitzen da, eta bidean oxigeno gehiago sortzen du. Arazo bakarra, mozkortuta balego bezala mugitzen dela, sigi-saga, alegia.

Hori konpontzeko, nikel-arrasto batzuk batu dizkiote ardatzari. Hala, nikela magnetizatuz gero, eta eremu magnetiko bat aplikatuta, ardatza perpendikularrean orientatzen da. Horri esker, ikertzaileek iman soil batez gida dezakete ardatza. Mekanismo bera erabilita, nanoengranaje bat biraraztea ere lortu dute, engranajearen hortzak alde batetik platinoz estaliz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila