Nanohodi-xafla gardenak eta handiak erraz egiteko modua aurkitu dute Texasko Unibertsitatean. Nanohodiak arinak, gogorrak eta eroaleak dira, eta aplikazio ugari izan ditzakete. Baina prezioak asko mugatzen du horiek erabiltzea; izan ere, garestiak dira, orain arte ez baitute lortu modurik nanohodiak erraz eta azkar egiteko.
Texasen garatu duten tresnaren bidez, ordea, minutuko hamar metro nanohodi-xingola lortzen dira. Xingola 5 zentimetro zabal da, eta oso-oso mehea, folio bat baino 5.000 aldiz meheagoa.
Horretarako, hasieran nanohodi txikiak sortzen dituzte bertikalean, eta gero etzanda elkartzen dituzte, zinta itsasgarri baten antzekoan. Lerro bakoitzak milioika nanohodi ditu, eta hurrengo lerroa aurrekoari itsasten zaio. Sortzen den xingola malgua, eroalea eta gardena da, eta toki askotan erabil daiteke, hasi autoen leihoetatik eta telebista-pantaila malguetaraino.