Nanobakterioak bizidunak direnik ezbaian jarri dute, beste behin, PNAS aldizkariko artikulu batean. J. Martel-ek eta J. Young-ek egindako ikerketan, nanobakterioen moduko partikulak sortu dituzte giza sueroa eta kaltzio karbonatoa nahasita. Emaitza horiek giza sueroan berez hazitako ustezko nanobakterioekin parekatu, eta berdin-berdinak direla ikusi dute, baina ez dute DNAren edo RNAren arrastorik aurkitu. Ondoren, edozein bizidun hiltzeko adinako erradiazioa eman, eta sortutako partikulek ez dute batere aldaketarik izan.
Bi ikertzaileon ustean, kaltzioaren eta karbono dioxidoaren arteko erreakzio kimikoaz sortzen dira egitura horiek. Biak ohikoak dira odolean, eta, molekula organiko eta mineralezko konplexua izanik, normala litzateke proteinak eta bestelako molekula organikoak itsastea azalean. Beraz, ezin dira hazi forma erregularrekin, kristalen moduan edo, eta bakterioen moduko formak hartzen dituzte.
Nanobakterioen lehen aipuak 1980ko hamarkadakoak dira, eta 1990 inguruan hasi zen erabiltzen nanobakterio hitza. 200-300 nanometroko bizidunak lirateke, bizia posible dela onartzen den muga txikiena baino txikiagoak. Hainbat saiakuntzatan sortu izan dira nanobakterioak liratekeen egiturak. Gizakietan, kaltzifikazioarekin zerikusia duten hainbat gaitzekin lotu izan dira, bai eta naturako kaltzifikazio-prozesu askorekin ere. ALH84001 meteoritoan balizko nanobakterio fosil bat dagoela ere esan ohi da. Ikerketa medikoetan nanobakterioak detektatzeko kita merkaturatua du jada enpresa batek.
Kaltzifikazio-prozesuekin lotu izan dira beti, eta bost bat egunean behin ugaltzen direla aipatu izan da, baina ez da inoiz lortu DNAren edo RNAren arrastorik isolatzea. Artikulu batean lortu zutela esan zen, baina PCR teknikaren ohiko kutsadura izan zela baieztatu zen ondoren. Gaur egun, Mayo klinikako ikertzaile batzuk nanobakterioen DNA edo RNA isolatzeko asmotan dabiltza.