Pandemiaren lehen olatuan, nazioarteko zenbait ospitaletan (Italia, Erresuma Batua, Frantzia, AEB…) ikusi zuten obesitatea zuten pazienteek, sarritan, bilakaera okerragoa izaten zutela.
Geroztik, ikertzaileak saiatu dira ulertzen erlazio horren arrazoiak, eta frogatu dute obesitateari lotutako kondizio batzuek zuzenean eragiten dutela bilakaera horretan, hala nola diabetesak, arazo kardiobaskularrak, hantura kronikoak edo arnasteko zailtasunak. Gainera, eragin hori are nabarmenagoa da gizonezkoetan, bereziki, jatorri afrikarrekoak, karibearrak edo Asia hegoaldekoak badira.
Orain, Annals of Internal Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketa batean baieztatu dute muturreko obesitate COVID-19az hiltzeko arrisku-faktorea dela berariaz, batez ere, gazteentzat, 60 urtetik beherako adin ertainekoentzat, eta gizonezkoentzat.
Aldiz, emakumezkoen artean, muturreko obesitatea ez da, arrisku-faktorea. Ikertzaileen arabera, horren arrazoia da gantzaren banaketa desberdina dela batzuetan eta besteetan. Hain zuzen, gizonezkoetan erraietan eta sabelaldean metatzen da, eta horrek arriskua areagotzea dakar.
Bestalde, obesitatea duen jendea estigmatizatzeko eta errudun sentiarazteko arriskuaz ohartarazi dute Erresuma Batuko espezialista batzuek, The Lancet aldizkarian. Hain zuzen, ikusi dute, horren ondorioz, laguntza berandu eskatzeko joera dutela, eta horrek berak gaixotasuna larriagotzen du. Muturreko obesitatea duten pertsona horiek beste kalte psikologiko eta fisiko batzuk ere pairatzen ari dira pandemiaren garaian, eta aintzat hartu behar direla aldarrikatu dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia