2020/08/06
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Mutazio-tasen gorakadari egotzi dizkiote genometan izandako galerak
Blattabacterium bakterioa da ikerketan aztertu duten bizidunetako bat - Arg. OIST
Organismo prokariotoetan, mutazio-tasaren eta genomaren tamainaren artean lotura dagoela babestu du zientzialari-talde batek. Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dutenez, mutazio-tasarik handiena duten prokariotoek arinago galtzen dituzte geneak, eta, ondorioz, haien genomen tamaina txikitu egiten da.
Askotarikoak dira genomen tamainak: espeziearen arabera, mila milioika base-pare izan daitezke, baina 500.000 base-parera ere mugatu daitezke, zenbait prokariototan gertatzen den moduan. Orain arte adituen artean zabalduen zegoen ideia zen populazioen tamainaren araberakoa zela genomaren tamaina, baina aldagai horien artean harremanik ez dagoela babestu dute zientzialari hauek.
Ikerketa egiteko, prokarioto-sorta bat aukeratu dute, tartean endosinbiotikoak diren bi andui eta beste zazpi prokarioto-mota, eta horietan geneen galera nolakoa izan den aztertu dute. Nabarmendu dutenez, mutazio-tasak bereziki azkartu dira DNAren konponketan laguntzen duten geneak galdu direnean.
Korrelazioa aurkitu duten arren, aitortu dute atzean egon daitezkeen zio ebolutiboak azaltzeko moduan ez daudela: behar ez diren gene horiek galtzeak moldaera-abantaila eman dezakeela azaldu dute, baina onartu dute ere ausazko prozesua izan daitekeela.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.