Kaloriak murrizteak ez du beti eragiten bizialdia luzatu eta, aldi berean, osasuntsuago egotea

kaloriak-murrizteak-ez-du-beti-eragiten-bizialdia-
Arg. Congerdesign/Pixabay

Aspaldi frogatu zuten dietan kaloriak murriztea modurik eraginkorrena dela bizialdia luzatzeko eta adinarekin zerikusia duten gaixotasunak atzeratzeko, baina Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian jarri du kasu guztietan ez dela lortzen bizialdia luzatu eta, aldi berean, osasuntsuago egotea. Norbere ezaugarri genetikoek baldintzatzen dute, antza.

160 anduitako 50.000 euli aztertuta ikusi dute dieta hipokalorikoa jateak ez dituela, ezinbestean, bi aldagaiak hobetzen: % 97ri bizialdia luzatu edo osasuna hobetu zaie, baina % 50ak soilik izan du hobekuntza bi parametroetan; beste % 13a osasuntsuago eta indartsuago zeuden, baina lehenago hil dira; eta % 5ari bizialdia luzatu bai, baino osasun okerragoaz pasa du denbora gehiago. Emaitzek iradokitzen dute faktore genetiko desberdinek modu independentean modulatzen dituztela ezaugarriok, eta genotipoak zehazten duela, neurri batean, dietaren erantzuna.

Eulien emaitzak ikusita, gizakietan ere antzeko zerbait espero dutela adierazi dute ikerketaren egileek, eta azpimarratu dute gutxiago jatea onuragarria izanik ere, kontuan hartu behar dela gizaki bakoitza desberdina dela eta norbere ondare genetikoak eragin handia izan dezakeela dieta hipokalorikoaz osasuna berreskuratzeko gaitasun horretan. Ikerketa honek erakutsitakoa nabarmendu dute: bizitza luzatzeak ez duela zertan osasun hobea ekarri. Hortaz, adinak berekin dakartzan gaixotasunen genetika hobeto ezagutzeko beharra azpimarratu dute, gizabanako bakoitzak nola erantzungo duen aurreikusteko parametroak gara baitaitezke.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.