Muskerrak eta zuhaixkak elkar behar

em/>

Erromatarrek Balear uharteetan hainbat espezie sartu zituztenetik dago gainbeheran Podarcis lilfordi muskerra. Hango biologo batzuen ustez, urritze horrek zuhaixka bat desagertzea ere eragin du.

Muskerra eta zuhaixka, biak dira Balear uharteetako espezie endemikoak. Erromatarrek ekarri arte, ez zegoen katurik ez erbinuderik haien ekosisteman, baina sartu zirenetik behera egin du muskerraren populazioak. Gaur egun oso urria da, Cabrera uhartean besterik ez da geratzen. Era berean, Daphne rodriguezii zuhaixka ere desagertzeko zorian dago; Balearretako biologo batzuek ikertu dute zein den bi espezie horien arteko erlazioa.

Animalia askoren gorotzetatik jaso zituzten landarearen haziak, eta landatu egin zituzten. Jasotako guztietatik, Podarcis lilfordi muskerrak jandakoak bakarrik ernamuindu ziren. Biologoen ustez, kasu hori landare baten eta animalia baten arteko mendekotasunaren adibide argia da. Beraz, muskerraren populazioan izan den aldaketak kalte egin dio landareari.