Ia metro-erdiko luzera du duela hilabete batzuk Tenerifeko labarretan aurkitu duten musker berriak. La Lagunako Unibertsitateko Efrain Hernandez zoologoa, irlako mendebaldeko Teno mazizoan zebilela, gorotzak topatu zituen eta musker normalarenak izateko handi samarrak iruditu zitzaizkion. Orduan helikopteroaren laguntzaz muskerra detektatu ahal izan zuten.
Analisi genetikoak egin ondoren, Gallotia simonyi muskerren azpiespeziea dela argitu dute, hau da, Kanarietako El Hierro irlako musker erraldoiaren ahaidea da. Gallotia generoa Kanarietan baino ez dago eta bertan sortu dira eboluzioz genero horretako espezieak: Tenerifeko Gallotia simonyi, El Hierroko Simonyi simonyi eta Kanaria Handiko Simonyi stehlinii. 45 eta 75 zentimetro bitarteko luzera dute eta orojaleak dira.
Tenerifen Gallotia simonyi espeziea duela 500 urte inguru galdu zela uste zuten, baina usteak erdia ustel. Orain zenbat ale bizi diren, zenbat arrautza erruten dituzten, etab. ikertu nahi dute.