Estatu Batuetan Los Angeles hiriko museo batek zaintzaile berezia du: SR2 robota, hain zuzen. Gauez erakusketa-areto batetik bestera ibiltzen da bertako artelanak zaintzen. Museoko gela, pasabide eta aretoen planoa memorian du eta badaki oztopoak nola saihestu behar diren. Museoko bi punturen arteko bide motzena zein den ere badaki, eta ultrasoinuzko sistema batek ateak irekita ala itxita dauden esaten dio.
Kaptorez hornituta dagoelako, airearen tenperatura, hezetasuna, konposizioa, ke kantitatea eta beste zenbait daturi buruzko informazioa jasotzen du, eta daukan programa bati esker sute-arriskuak eta higidura susmagarriak ebaluatzen ditu.
Zortzi kilometro orduko abiadura besterik ez duenez, SR2 robota ez dago lapurrak harrapatzeko diseinatuta. Horretarako museoak ondoan beste segurtasun-sistema bat du. Dena den, robotak dagoenekoz inguruko industria batzuetako gas-ihesak detektatu ditu, eta saihestu diren kalteak kontutan hartuta, bere burua ordaindu duela esan daiteke.