Muoiak material erradioaktiboa detektatzeko

Unibertsotik datozen muoi-sortak X izpiak baino sarkorragoak dira. Partikula horiek, adibidez, hamar zentimetroko berun-xaflak zeharkatzeko adina energia dakarte espaziotik. Ahalmen hori berunak babestutako elementuak detektatzeko erabil liteke. Elementu horien artean, uranioa eta beste material erradioaktibo batzuk proposatzen dituzte fisikariek; dagoeneko egin dituzte probak wolframio-zatiekin.

Muoiak Geiger-kontagailuen eta X izpien ordez erabil litezke, eta, gainera, Lurrera naturalki iristen direnez, ez da iturri-arazorik sortuko. Dena dela, detektagailuak naturako muoi-sorten maiztasunari eta intentsitateari egokitu behar zaizkie. Nolanahi ere, ideia berritzailea da, modu errazean egindako detektagailuak direlako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila