Antartika munduko kontinenterik ezezagunena da; hango kondizio gogorrek ia ezinezkoa egiten dute zuzenean ikertzea. Horregatik, geroz eta gehiago erabiltzen dira robot erako ibilgailuak.
Autosub izeneko urpeko ibilgailu autonomoa robota da funtsean. Bere misioa Amundsen Itsasoan dagoen Pine Island glaziarraren azpialdea aztertzea izango da, berotze globalak Antartikan duen eragina azaltzen laguntzeko. Glaziarra azkar urtzen ari da eta, jasoko dituen datuei esker, urtzea korronte epelen ondorioz ala glaziarrean bertan eragiten duen zerbaiten ondorioz gertatzen den jakitea espero dute.
Autosub-ek honakoak neurtuko ditu: uraren gazitasuna, tenperatura eta korronteak. Horretaz gain, itsas hondoaren mapa bat eta glaziarraren azpialdearen beste bat egingo ditu. Hori gutxi balitz, ur-laginak ere jasoko ditu gero laborategian aztertzeko.