Aholkulari-Batzorde batek Kanada-ko gobernuari ondoko aholkua eman dio: aziendak gaixotasunik jasan ez dezan, bufalo guztiak hil egin behar dira. Guztira, 3200 animalia dira hil behar direnak. Aholku hau jakin bezain laster berehala azaldu dira kontrako erizpideak; adibidez Calgary-ko unibertsitateko Valerius Geist-ek "zientzia eskas"tzat definitu du aurreko aholkua.
Animalia hauek 44800 km2-ko eremu batean libre bizi dira, baina batzuk gaixo daude. Konkretuki behitarren tuberkulosia eta behitarren bruzelosia dira gaixotasunik arruntenak. Saskatchewan-eko unibertsitateko Gary Wobeser albaitariak dioenez, behitarren tuberkulosiak arnas arazoak sortzen ditu eta bruzelosiak ugalketa-arazoak. Gaixotasun hauek aziendara hedatzen badira, azienda-jabeek kalte izugarriak jasan ditzakete.
Beraz, auzi honetan interes desberdinak kontrajarriak daudenez, Kanada-ko gobernuak ez du orain erabakirik hartu.