Atmosferak duen berotegi efektua gizakiak sortarazitako gas karbonikoaren kontzentrazioari zor zaio. Ingurugiroan duen eragina ulertu ahal izateko, ikerlariek lehenbizi gas hori zein puntutan sortzen den eta nola zabaltzen den jakin behar dute. Horretarako NASAk Lurraren arnasketa naturala ebaluatu du CASA izeneko ekosistema eredua erabiliz.
Lurreko bazterretan “arnasa hartzea” eta “arnasa botatzea”, landareek fotosintesiaz kontsumitzen duten CO2-aren eta lurzoruko organismoek materia organikoa deskonposatuz igortzen duten CO2-aren arteko orekaren araberakoa da. Kalkulu hauetan landaredia eta lurzoruaren konposizioa, tenperatura eta eguzkiztapena kontutan hartuz, Lurreko CO2 mapa egin ahal izan da, bertan CO2 gasa sortzen deneko lurraldeak eta kontsumitzen deneko lurraldeak adierazten direlarik.