Mikrosporidioak bizitzeko oxigenorik behar ez duten mikroorganismoak dira. Oxigenorik behar ez dutenez, ez daukate mitokondriorik, edo hala uste zen orain arte behintzat.
Britainia Handiko Dundee Unibertsitateko zientzialariek, ordea, mikrosporidioak aztertu eta mitokondrioak izan daitezkeen organulu txiki batzuk badituztela frogatu dute. Horretarako, mitokondrioen genomako gene bati lotzen zaion molekula markatzaile bat erabili dute.
Mikrosporidioak markatzaile berezi horrekin tratatu ostean, mitokondrioen genoma badaukatela ikusi dute. Beraz, horrek esan nahi du, mikroorganismo horiek eboluzioaren momenturen batean mitokondrioak erabili zituztela.
Aurkikuntza horrek mikrosporidioen ezaugarriei buruz uste zena ez dela egia frogatu du. Mikroorganismoek aerobio izatetik anaerobio izatera eboluzionatu dute; horregatik, uste zena baino talde modernoagoa dela ondorioztatu dute.