Pixkanaka-pixkanaka sobietarren estazio espazial berria (Mir izenekoa) bere izkutuko sekretuak azaltzen hasi da.
Joan den urteko urrian Innsbrück-en ospatutako Nazioarteko 37. Astronautika-Kongresuan aditzera eman zenez, aurtengo lehenengo hilabete hauetan hasiko omen da estazioaren etengabeko okupazioa.
Lotura anizkoitzeko portuari esker, estazioak 4 edo 5 modulu gehigarri onar ditzake. Modulu hauek aurrekaldean gurutze-itxura harturik amarratzen dira. Modulu hauetako bakoitza lan-eremu bati —astronomia, biologia, metalurgia, ..._ lotzen zaio. Modulu guztiak luzetarako ardatzaren norabidean atrakatu behar dira. Ondoren, eta beso luze baten bidez, estazioaren alboetara transferitzen dira.
Guztira, sei ibilgailu espazial dira; bi muturretan eta lau albotan kokaturik amarra daitezke. Lehenengo modulu espezializatua, X izpiko teleskopio bat eramango duena, uda honetan izango da amarratua.
Estazio berak bi gela handi dauzka; bata bizitzeko eta lan egiteko bestea. Mantenu- eta gidatze-lanak sei ordenadorek antolatzen dituzte.
Mir estazioa, Pluton jaurtigailu batek jarri zuen espazioan eta Saliout zaharrak baino zerbait handiago eta astuangoa da: 11,13 m luze; 4,2 m-ko diametro maximoa; 21 tona. Eguzki-panelek 29,73 m-ko zabalera dute eta eguzki-zelulek 76 m2 estaltzen dituzte. Atzekaldean estazioak bi motore nagusi dauzka; 300 kg indarrekoak. Hauek, orbita-aldaketarako erabiltzen dira. Gainera 14 kg-ko 32 erretrokohete dauzka estazioaren jarrera kontrolatzeko. Bertako eguratsa, presio normaleko aireaz osatuko da eta tenperatura 18-28°C bitartean aldatuko da.