Etxe azpian instalatzeko moduko minizentral nuklearrak merkaturatzeko asmoa duela adierazi du Hyperion enpresa estatubatuarrak. Los Alamos laborategiak sortutako enpresa da; besteak beste, lehen bonba atomikoa han egin zutelako da ospetsua laborategi hori.
Orain, erreaktore nuklear txiki bat aurkeztu dute, "segurtasuna, fidagarritasuna edo ekonomia tarteko, tokiko energia-horniduratik independente izan nahi duen" edozeinentzat egokia.
Hyperionen arabera, ekoizten dituzten erreaktoreak garbiak dira, seguruak eta fidagarriak, eta arrazoizko prezioa dute. Zehazki, horietako bakoitzak hozkailu baten neurria du, 20 milioi euro balioko duela kalkulatzen dute, eta 20.000 etxe hornitzeko adina energia sortzen du. Trenez, kamioz edo itsasontziz garraia daiteke, eta lur azpian instalatzen da. Erregaiak bost urte irauten du, eta, bitartean, bere kabuz funtzionatzen du, beste ezeren beharrik gabe.
Erregaia, berriz, uranio hibridoa da, hau da, hidrogeno asko absorbatu duen uranio aberastua. Uranio-nukleoa fisioz desintegratzen den neurrian, neutroiak igortzen ditu; hidrogenoak, berriz, moderatzaile-lana egiten du, eta moteldutako neutroiek beste uranio-nukleo batzuk zatitzen dituzte. Hala, erreakzio-katea ez da eteten, eta erreakzio-kate horretan sortutako beroa erabiltzen da instalazioak energiaz hornitzeko. Bero gehiegi sortuko balitz, sistemak berak geldituko luke erreakzio-katea, eta, hartara, ez litzateke arazorik egongo. Hondakin erradioaktiboak ere kontrolpean daude, erreaktorea erabat itxia baita.
Merkatua aztertzen eta bezeroak bilatzen ari da Hyperion. Enpresak emandako datuen arabera, Ekialdeko Europako talde batek sei ale erosteko asmoa du, eta litekeena da Txekiar Errepublikako TES ingeniaritza-konpainiak 44 erostea. Dena dela, lehenengoa ez dute 2013. urtea baino lehenago saltzea espero.