Totelek hizketarako zailtasuna izaten dute, eta hori aspalditik ezagutzen bada ere (bai Biblian bai hieroglifiko egiptiarretan azaltzen dira toteltasunari buruzko aipamenak), zientzialariek ez zekiten zergatik gertatzen zen zehazki. Orain, The Lancet zientzia-aldizkariak arazoa hobeto ulertzen lagunduko duen lan bat argitaratu du.
Alemaniako Hamburg-eko Unibertsitateko neurologoek totelen eta ez-totelen garunak alderatu dituzte, eta alde txikiak badaudela ikusi dute. Alde horiek mintzamenaren zentroan eta mingainarentzako zentro motorean daude, hain zuzen ere. Nonbait, garunaren eremu horiek lotzen dituen nerbio-konexioa normalean baino % 30 ahulagoa da toteletan. Ikertzaileen ustean, baliteke nerbio gutxiago egotea eta katea etetea, edo nerbio-zuntzak nahasiak egotea.