Cassini zundak jasotako datuak berriz ere aztertuta, iradoki dute Mimas ilargiak ozeano bat izan dezakeela azalaren azpian. Duela urte batzuk, Saturnoren beste ilargi batek, Entzeladok, izotz-azpiko geruzan ozeano likido bat duela ondorioztatu zuten. Izan ere, behaketetan, izotzezko eta gasezko zorrotadak igortzen dituela ikusi dute, eta gainerako datuek ere bat egiten dute hipotesi horrekin. Mimasek, ordea, ez du zorrotadarik igortzen, eta kraterrak ditu azalean (hau da, azala ez zaio berritzen). Baina Mimasen orbitaren eta errotazioaren datuek satelite horrek ere ozeano bat duela iradokitzen dutela iragarri dute astrofisikariek.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Egin dituzten simulazioen arabera, duela 25 eta 2 milioi urteen artean sortu zen, eta 20-30 km lodi den izotz-geruza baten azpian dago. Ozeanoaren eta izotzaren arteko muga duela nahiko gutxi sortu zela ere adierazi dute: 2-3 milioi urte baino gutxiago. Horrenbestez, ez du denborarik izan azala aldatzeko.
Jupiterrek ere baditu izotz-geruza baten azpian ozeanoak dituzten sateliteak.Ilargi izoztuak deitzen zaie, eta astrofisikarientzat bereziki interesgarriak dira, bizigarriak izan daitezkeela uste izateko zantzuak baitituzte.
Elhuyarrek garatutako teknologia