Britainia Handiko militarrek sonarrekin egindako esperimentu batzuen emaitzak argitaratu dituzte Nature aldizkarian. Helburua zen jakitea zenbaterainoko kaltea eragiten dien sonarrak zetazeoei. Jakina zen sonar indartsuek kalte handia eragiten dietela animaliei, eta oraingo esperimentuen emaitzetatik ondorioztatu dute maila baxuko sonarrek ere eragiten dietela. Kasu batzuetan, behar bezala elikatzea eragozten die, eta, luzera, gosez hiltzera irits daitezke baleak edo izurdeak.
Esperimentuen xehetasun asko sekretupean geratu badira ere, militarrek aurkeztutako datuek argi erakusten dute kezkatzeko moduko arazoa dela. Itsaspekoetan jarritako hidrofonoekin jarraitu diete baleei, sonarrei nola erantzuten dieten jakiteko. Sonar baxuek ere uxatu egiten dituzte animaliak, edo haien kantua isilarazi. Adituen ustez, sonar batzuen soinua harraparienaren antzekoa delako gertatzen da hori.