Mikrobioak gatzetan

Bizia aurkitu dute gatzetan saturatuta dauden itsasoko hainbat gunetan, Mediterraneoan. Ustez, gatz-kontzentrazio handiak bizia eragozten du, eta horregatik daude harrituta aurkikuntza hori egin duten biologoak.

Duela sei milioi urte, Mediterrraneo itsasoa lehortuta zegoen, eta ez zegoen Atlantikoarekin lotuta. Garai hartan ibaiek ekarritako gatza zoruko sedimentuetan pilatu zen. Gero, ozeanoarekiko konexioa ireki egin zen, eta itsasoak estali zuen lurralde osoa. Baina hondoan gatza pilatuta zegoen gune batzuk geratu ziren; leku horietan, uraren gatz-kontzentrazioa izugarri handia zen. Nekez egongo zen bizi-arrastorik toki haietan.

Hala ere, Herbehereetako biologo batzuek jakin nahi izan dute gune horietan bizirik dagoen ala ez. Horietako lau gune aukeratu eta aztertu dituzte. Itsaspeko robotiko baten bitartez, laginak jaso dituzte gune horietan, eta DNA arrastoak aurkitu dituzte.

DNA hori mikroorganismo-espezie ezezagun askorena da, 50 bakteriorena eta 20 arkeorena, besteak beste. Orain, biologoek laborategian hazi nahi dituzte espezie horiek, batez ere, gatzetan bizi ahal izateko zer proteina dituzten ikertzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila