Mikaren habian kukua

Espainiako kuku mottodunek espeziea babesteko, Mafiaren tankerako trikimailua darabilte. Beren arrautzak mikaren habian ipintzen dituzte eta...

Espainiako kuku mottodunek espeziea babesteko, Mafiaren tankerako trikimailua darabilte. Hala adierazi dute behintzat animalien jokabideak aztertzen dituzten Kopenhage Unibertsitateko ekologistek. Andaluzian sumatu dutenez, mikaren habien %60 baino gehiagotan kuku mottodunek bere arrautzak ipintzen dituzte.

Mikak arrautza arrotzak habitik jaurtitzen ditu, baina baztertutakoen portzentaia, arrautza guztien %5a besterik ez da izaten. Hala ere, kukuaren mendekua izugarria da: mika arrautzak txikitu edota kumeak hil arte mokokatzen ditu.

Mikaren habitik kuku-arrautza ipini berria atera zuten batean, ikertzaileek ikusi ahal izan zuten nola kuku emeak habiko mika-arrautza guztiak txikitu zituen. Hala ere, mika-kumeak hiltzearen errudun bakarrak kuku emeak direnik ziurtatzerik ez dute lortu oraindik. Ekologista horien ustez, kuku-mota horren jokabidea tartean behin mika-habiak begiratu eta zaintzea da eta bere arrautzetakoren bat jaurtia izan dela ikusiz gero mendeku hartzen du. Dena den, ez dute uste ikertzaileek espeziea babesteko kukuek darabilten trikimailua %100ean eraginkorra denik.

Kuku mottodunak mikaren habia du gogoko bere kumeentzat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila